XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oholtzan Lehen pheredika kantatu eran ez dute bat egiten.

Antzezaldian, ekintzetan, khirixtiak lasai, lerden eta eder, oinarrizko dantza-kantu batez dihardute; turkek, brauki, imintzio izugarriak eginez, makilaz mehatxu orokorrak erakutsiz, urrats bizkorrez.

Hortaz, ekintzaz gain ibilkera eta keinuetan ere ez zaizkigu gaizkileak eta ongileak inondik inora ere nahasiko, are nabarmenago: khirixtiek beti ate urdinean zehar eta tûrkek gorrian, sartu eta irtengo dute.

Gaiztoen garaitzak deabru txotxongiloak txalotuko ditu, baina, batailen ondorioz hauetariko bat hilik suertatuko balitz, Satanek buruz bera infernuratuko lukete; baldin khirixtia balitz, ahatik, lagunek ohorez kanporatuko lukete.

Amaieran zer esanik ez, ongia nagusituko zaio gaizkiari.

Jakina, gaitz eta ongiaren arteko borroka latz eta bigunezin honek gaien erabilkera moralizatzailea daragi ezinbestean, pertsonaia imitagarri eta gaitzezkarrien eskuetan: ereduak, arketipoak, errealitate haragitsu bariko sasipertsonaiak dira.

Eta funtzionamolde hau, harrigarriro, ez da, hainbat eta hainbat egiturak, pentsakerak porrot egin duten mende honetan, funtsean aldatu.

Izugarrizko transformazioak, gerlak, ideologia zapaltzaile eta salbatzaile guztien zapuzketak ikusi ditu gizaki ezkor-sinesgogorrak, aldakuntza nagusienetariko bat pentsamolde berriaren exozentrismoa delarik; izan ere, gaurko denboretan unibertsoaren erdia hutsik dago, eta gizona bera ere, Berpizkundetik aurrera Jainkozentrismoaren ondoren munduaren ardatzaz jabetu zen berbera, sistemaren elementu bilakatu da (Estrukturalismoaren eragina har bedi kontutan): Eta hasieran egitura zen.

Sistemaren nagusigo honekin batera, gizakia sozializatuago agertzen da (Ez dihardugu sozialismoaz), estatuak, interesak, gustoak, gogoak... elkarren artekoa den guztiaren menpean, alegia; taldea gizabakanari erabat nagusitu bidean gabiltzake, antza.

Ondorioz, badirudi, idealismoak alderaturik errelatibismoa (zenbaten ustez postnihilista) dela ikuskera berrien oinarrizko ezaugarri bat.

Hala ere, errelatibismo beronek ez du nabarmenki antzerki zahar honetan, barne funtzionamenduan eraginik ukan.

Egia da, bai, aldaketa handia izan dena: estatuaren erasoen aurrean bere jabegoa zen mundu tradizionala defendatzeari lotu zitzaion apezgoa (Mende honen hasieran, aurrekoaren amaieran), nolabait, lehenengo aldiz euskaltasuna , Euskal Herria eta honelakoen arazoen defentsa, gai abertzaleak Larzabalek deritzenak hitz batez, agertuz.

Ezin uka, beste aldetik, abertzaletasun hau garatzen denean bestelako arazoak sortzen direnik, hala sozialak nola politikoak; gogora bitez Iparraldean dagoen kinka larria eta Pette Basabûrû Pastoralean egiten den Zuberoaren defentsa.

Baina ez dugu uste inondik inora ere abertzaletasunak, Pastoralaren erabateko binarismoa gainditzen duenik, edota oraingoz gainditu duenik (baliteke gainditu beharrik ere ez izatea; hauxe ez da oraingo eztabaida) binarismoa aberri / atzerria izan daiteke eta erabilkera manikeistaz.